ZATOZ, ONGI ETORRI GURE ETXERA

Gure historia, bizi izan dugun moduan

LA BARDENA BLANCA I

Oinetxe izaera duen baserri etxea da zaharberritua eta landetxe estilo abegitsuan sortua.
Ehun urtetik gora duen nire aiton amonen etxearen zaharberritzea guk geuk burutu genuen, horrela, berreskuratu genituen leihoetako egurra, leiho-ateetakoa, balkoi, eskubanda, pareta eta sabaietako enborrak. Ez gara profesionalak eta paretetako igeltsua landu gabe ipini genuen, leundu gabe, jarraian pintatzeko, eskuz, eskuzorroarekin brotxa ordez. Izan ere, horrek guztiak, inperfekzio eta irregulartasunek goxotasuna ematen diote etxe guztiari.
Arasa, treska, kriseilu, eskopeta, kutxazar, kutxa, konketa, igitai, uztarri, untxi eta txoritxoen zepo, lisaburdin, pareta argi, baserriko lanabes pilek... janzten dute etxea. Piper lehor-korda, kuiak, artaburuak eta detaile txiki askok apaintzen dute etxea eta bere logelak.
Tradizioari modernitatea eta erosotasuna batu nahi genizkion gure bezeroei eskaintzeko eta ondorioz logeletan bainugelak ipini genituen, lurrak berritu eta goiko solairu guztia eraberritu genuen, garai batean zerealak biltzeko garautegia zena. 60 kiloko zereal zakuak sorbaldan zamatuta igo behar ziren bi pisutan barrena eta aurrerago zerealaren prezioa igotzen zenean berriz ere jaitsi bere salmentarako inguruko komisionista bati edo Zerealen Nazio-Zerbitzuari. Zereala goiko pisuan biltzeko arrazoia, nahiz eta esfortzu handia eskatu, hezetasun gutxieneko pisua izatea zen, hezetasunak uzta pikutara bota baitzezakeen. Horrela egituratzen ziren landetxeak.
Apaingarri gisa erabilitako elementu guztiak gure familietako etxebizitzetatik, garautegi eta eskortetatik berreskuratu ditugu, denbora, ilusio eta pazientzia handia eskaini ostean. Ia bi urteko lan gogorra izan baina bere ordainsaria izan zuen.
Horrela nahi izanda, Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordera atxikituta gaude, Foru Gobenuko erakundea, gure bezeroekin sor daitezkeen arazoetan bitarteko lanak egin ditzaten eta horrela bitartekari ofizial bat izateko arazoak ahalik eta lasterren konpontzeko.
Nafarroako Gobernuak La Bardena Blanca landetxeari onartutako kategoria “BI IZAR” da.

LA BARDENA BLANCA II

La Bardena Blanca II landetxeak 125 urte ditu eta goitik behera eraberritua izan da 2015ko abuztuan jabeen eskutik.
Jatorrizko habe eta zutabe egitura mantendu da, bai eta paretak, bodega eta fatxada baina egungo erosotasunak gehituz, hala nola, aire egokitua logela guztietan.
Zaharberritzea jabeen eskutik eman da maitasun eta ahalegin guztiz xehetasun guztiak aintzat hartuz. Antzinako elementuekin apainduta, batez ere, belar mozte eta gari-jotze garaikoak, gure bardeetan ematen zena, eta nola ez, bardeetako desertuko argazki ederrez apainduta.